Elkarrekin eta
nahasturik hobe
Bazen behin
herrialde bat besteengandik oso urruti
zegoena. Ez zitzaion beste herrialdeekin kontaktuan egotea; eta horregatik
harresiz inguratu zuten beraien lurralde guztia. Hala ere, herrialde horren
barruan bost herri garrantzitsu zeuden eta bata bestearengandik fronterekin eta
harresiekin banaturik. Gainera, herri batetik bestera pasatzea ia ezinezkoa
zen.
Herri bakoitzean gauza
jakin batean trebeak ziren. Adibidez, Brush izeneko herri batean, biztanle
guztiak oso onak ziren marrazten eta margotzen. Txikitatik margotzen ikasten
zuten bai etxean eta baita eskolan ere. Horregatik beraien kaleak oso politak
ziren, koadroz eta horma-irudiz beterik zeudelako.
Herri honen ondoan, Abako
izeneko herrixka bat zegoen. Bertako pertsonak oso onak ziren matematiketan.
Neska mutiko txikienak ere biderkatzeko taulak buruz zekizkiten. Eta denbora
igarotzen zuten dena kalkulatzen. Horregatik beraien kaleak kalkulagailuz eta
arbelez beterik zeuden.
Olimpo izeneko herrian
guztiak kiroletan oso trebeak ziren bitartean, Dorremi hirian musikan benetan
finak ziren eta egun guztian zehar kontzertuak zeuden kaleetan. Eta azkeneko
herrian, ezin hobeak ziren natura zaintzen.
Baino esan dugun
bezala, ezin zitekeen herri batetik bestera igaro. Bakoitzari bere herrian
egiten ziren gauzak gustatu behar zitzaizkion. Baino egun batean Brush herriko
neska bat aspertu zen margotzeaz, eta bere gurasoei beste herri batera joateko
baimena eskatu zien. Gurasoek egundoko haserrea hartu zuten eta ezetz esan
zioten; beren ustetan margotzea munduan zegoen gauzarik hoberena zelako.
Baino neskatxa honi
benetan kirolak gustatzen zitzaizkion eta horregatik gau batean, ezkutuka,
Olimpo herrira abiatu zen. Bertan ikusi ahal izan zuen mundu guztia kiroletan
jarduten zuela egun guztia. Bazter guztietan futbol zelaiak, igerilekuak, saski
baloi jolastokiak eta kiroldegiak aurki zitezkeen; neskarentzat paradisua zen.
Neska segituan jarri
zen futbolean jolasten bertakoekin. Hasieran nabaritzen zitzaion ez zela guztiz
trebea, baino gogoz jolasten zuenez; segituan hartu zuen bertakoen martxa.
Egunak pasa hala, mutil triste batekin egin zuen topo. Mutila benetan txarra
zen kiroletan, eta berari gustatzen zitzaiona musika zen. Neskak ezkutuan
herriz aldatu zela kontatu zion. Hala ere, mutila ez zen neska bezain ausarta
eta ez zen gai Dorremi herrira joateko.
Horrexegatik biak plan
bat burutzeko elkartu ziren. Hiritar guztiak lotara joan zirenean, bikoteak bertako
kirol material guztia ezkutatu eta kale guztiak koadroz eta kolorez bete
zituzten. Hurrengo egunean herritarrak jaiki zirenean, guztiz harriturik geratu
ziren. Ez zekiten herri bat horren polita izan zitekeen. Guztiz liluraturik
geratu ziren. Eta orduan pentsatu zuten ez zekitela zergatik orain arte beraien
herria hain itsusia zen.
Momentu horretan neska
eta mutila guztien aurrean hitz egin zuten, kontatuz mugek eta harresiek ez
zituztela zentzurik. Pertsona bakoitzak bere gustuak eta abileziak dauzka, naiz
eta toki batean edo bestean jaio, neska ala mutila izan edo heldua edo gaztea
izan.
Eta bikote honi esker,
bost herrialdeen arteko harresiak suntsitu zituzten. Honi esker, pertsona
bakoitza libre izan zen bere zaletasunak aukeratzeko. Gainera, herri batzuk
besteei laguntzen zieten beraien hoberena oparituz. Eta horregatik egun
horretatik aurrera musika, matematika, kirola, artea eta natura elkarrekin bizi
dira elkar aberastuz.
Hausnartzeko
galderak:
-
Seigarren
herri bat egonez gero, zein abilezia izatea gustatuko litzaizueke?
-
Zer
iruditzen zaizue hasierako egoera? Gustatuko al litzaizueke herriak zaletasunen
arabera banatuak egotea?
-
Zertarako
balio zuten harresiek? Zuen ustetan onurak ekartzen zituzten?
-
Harresiak
kendu zituztenean, onurak lortu zituzten? Zeintzuk?
-
Uste duzue
trebezia guztiak garrantzitsuak direla?
-
Mundu
guztiari gauza berdinak gustatuko balitzaiguke, bizitza entretenigarria izango
zen?