domingo, 18 de enero de 2015

BAKEA ipuina

 Herensugearen malkoak


Urrun, oso urrun, herrialde bitxi bateko haitzulo sakon batean, herensuge bat bizi zen. Haren begiek egur gori-goriak bezala egiten zuten dir-dir. Inguruko jendea beldur zen, eta espero zuen norbait herensugea hiltzeko gauza izatea. Denei ikara ematen zien herensugeari buruzko kontuak entzuteak, eta haurrek isilean negar egiten zuten, herensugeak entzungo zituelako beldurrez.

Baina bazen mutil bat, beldurrik ez zuena:
- Taró, nor gonbidatuko dut zure urtebetetze-festara?
- Amatxo, herensugea gonbidatzea nahi nuke.
- Txantxetan ari zara? – erantzun zion amak.
- Ez, esan iezaiozu herensugeari etortzeko – esan zion berriz mutilak.
Amak buruari eragin zion, nahigabetuta: ez da posible, nola liteke nire seme honek halako ideia arraroak izatea!

Urtebetetze-eguna iritsi zen, eta Tarók etxetik alde egin zuen. Mendian ibili zen, uharrak eta basoak zeharkatuz, herensugea bizi zen mendira iritsi arte.
- Herensuge jauna! Herensuge jauna! – oihu egin zuen sutsuki.
- Zer gertatzen da, ordea? Nor ari zait deika? – pentsatu zuen herensugeak, eta burua atera zuen haitzulo handiaren ahotik.
- Gaur nire urtebetetzea da, eta gozoki pila bat prestatuko ditu amak – esan zion garrasika mutilak. Zu gonbidatzeko etorri naiz.

Herensugeak ezin zuen entzundakoa sinetsi, eta mutilari begiratzen zion, ahots zakarraz marmarrean. Taró, ordea, ez zen beldur, eta oihuka esan zion:
- Herensuge jauna! Etorriko zara urtebetetze-festara?

Herensugea konturatu zen mutila benetan ari zela. Hunkituta, hau pentsatu zuen:
- Gorroto naute denek, eta beldurra didate. Inork ez nau sekula gonbidatu urtebetetze-festa batera. Ez nau inork maite. Zer txintxoa den mutil hau!
Pentsamendu horiek buruan zituela, begietatik malkoak irteten hasi zitzaizkion. Hasieran, malko gutxi batzuk besterik ez; baina, gero, ezin zion negarrari eutsi, eta malkoek bailaran behera zihoan ibaia sortu zuten.
- Zatoz, jar zaitez nire zerraren gainean – esan zion herensugeak negar-zotinka – etxera eramango zaitut.
Herensugea gordelekutik ateratzen ikusi zuen mutilak. Narrasti ederra zen: kolorezko ezkata meheak zituen, sugea bezain bihurria zen, eta hanka mardulak zituen.

Taró animalia basatiren bizkarrera igo zen, eta herensugea igerian hasi zen malko-ibaian behera. Igerian ari zela, animaliaren gorputzaren itxura eta tamaina aldatu egin ziren, magia bitxi baten eraginez. Mutila etxera iritsi zen, zoriontsu, herensuge itxurako txalupa apaingarri politez josi baten lema eskuan zuela.




Hausnartzeko galderak:

-      Zergatik zioten beldurra herensugeari?
-      Zer egin zuen Tarók? Ausarta zela pentsatzen al duzue?
-      Nola sentitu zen herensugea Tarók urtebetetzera gonbidatzean?
-      Herensugea benetan maltzurra al zen?
-      Batzuetan ez al ditugu gure inguruko pertsonak gaizki epaitzen?

-      Aurreiritziei kasu egin behar al zaie beti?

No hay comentarios:

Publicar un comentario